XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hawke almirantea balitz ere ordaindu egin beharko luke berea! esan zuen Silverrek oihuka; eta ondoren, nire eskua libratuz: Zein esan duk dela? galdetu zidan.

Zakur... zer?

- Zakur Beltz, jauna esan nuen.

Ez al dizu mister Trelawneyk bukanierrei buruz hitzegin?

Ba terraje horretakoa duzu.

- Benetan? egin zuen oihu Silverrek.

Non eta nire etxean!

Ben, segi ezak azkar Harryri laguntzera.

Lanbas horietako bat, orduan?

Aizak, Morgan, hi ari al hintzen berarekin edaten?

Etor hadi hona.

Gizon hura, Silverrek Morgan izena eman ziona ile urdin eta aurpegi kaoba koloreko itsasgizon zahar bat bildotsa bezalaxe hurbildu zen, txikitzeko tabako mutur bat biribilduz.

- Aizak, Morgan esan zuen John Luxeak, oso gogorrean; ez huen ba hik lehenago ere Zakur... Zakur Beltz delako hori ikusia izango, ezta?

- Ez nik, jauna esan zuen, agur eginez.

- Ez huen ba bere izena jakingo, ezta?

- Ez, jauna.

- Baldinbaitere, Tom Morgan, ez al huen jakingo! atera zitzaion tabernariari.

Tankera horretako batekin nahastu izan bahintz, ez huke gehiago nire etxean hankarik jarriko, hara zer esaten diadan.

Eta zer ari zitzaian esaten?

- Garbi esateko ez dakit, jauna erantzun zuen Morganek.

- Baina baina, zer daukak hik lepo gain horretan, burua ala egur puska bat? haserretu zen John Luxea.

Garbi esateko ez dakik, oraindik holakorik!

Igoal ez duk jakingo, garbi esateko, norekin ari hintzen ere, ezta?

Tira, esan ezak, zertaz ari zen hor tar-tar-tar... bidaiak, kapitainak, itsasuntziak?

Bota!

Zertaz?

- Gila azpitik pasaerazteaz ari ginenÌnor uretan arrastaka eramatea, soka bati lotuta, itsasuntziaren gila azpitik. Hemezortzigarren mendera arte izan zen erabilia zigor mota hau. (I.O.) erantzun zuen Morganek.

- Gila azpitik pasaerazteaz, eh?

Oso gai egokia, bai, motel.

Tira, segi ezak hire tokira, Tom, ganbelu hori.